Sailkapen Hamartar Unibertsala
Sailkapen Hamartar Unibertsala, liburutegietan lanak sailkatu eta kategorizatzeko beharrarengatik sortzen den jakinduriaren sailkapen sistema bat da. Liburuen fitxa bibliografikoak egitekoan oso erabilgarria izateaz gain, SHUren bitartez beste edozein motatako dokumentu nahiz informazio elementu sailka daiteke bai liburutegi eta bai webguneetan ere. Dokumentuen signatura sortzeko erabiltzen da SHU, hau da, liburuak eta ikus-entzunekoak apaletan kokatzeko erabiltzen diren hizkiak eta zenbakiak erabiltzen dira. Horretarako oso baliagarriak dira sistemak dituen taula laguntzaileak, denborazkoa eta geografikoa, besteak beste.
Melvil Dewey, Massachusetts-eko Amherst College-ko liburutegizainak, 1876. urtean Dewey sailkapen hamartar sistema (DSS) sortu zuen, jakinduriaren sailkapena digituetan oinarritua izanik. Sailkapen honen bitartez ezagutzak hierarkikoki ordenatzen dira zuhaitz forma hartuz, gai orokorrenetatik zehatzenetara; horretarako talde nagusi bati digitu bat ezartzen zaio, 0-tik 9-ra, eta talde barruan sortua izango den maila bakoitzari beste digitu bat gehitzen zaio. Sistema hauek guztiz osatuta egon behar dira erabili ahal izateko eta normalean ez dira aldaketak egiten, sistema itxiak baitira. Honako sistema honen hiru mailako adibide bat da:
Ikus daitekeen moduan, maila bakoitza aurrekoaren zehaztapen bat da.
Sistema honek arrakasta handia lortu zuen AEBtan, Britainia Handia eta Commonwealtheko zenbait herrialdetan. Herrialde horietako askotan sailkapen sistema ofizial bilakatu da eta gaur egun 25.000 liburutegi baino gehiagotan erabiltzen da. [1]
1892. urtean, Deweyek Paul Otlet eta Henri Lafontaine belgikarrei bere sistema itzultzen utzi zien aurrera eramaten ari ziren Bibliografia Unibertsalaren proiekturako. Hauek itzultzeaz gain, aldaketa garrantzitsuak egin zituzten gaur egungo Sailkapen Hamartar Unibertsala (SHU) sortuz.
Gaur egun Europako liburutegietan erabiltzen da SHU sistema hau; Espainian, 1939ko Ministerio Dekretuak horren erabilera liburutegi publikoetan agindu zuen.
Ingelesez UDC siglen bidez ezaguna da, eta frantsesez eta gaztelaniaz, CDU bidez.
SHU-aren klase nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 0 Oinarriak. Zientzia eta Ezagutza. Antolakuntza. Informazioa. Dokumentazioa. Entziklopediak. Bibliotekonomia. Instituzioak. Dokumentuak eta publikazioak.
- 1 Filosofia. Psikologia.
- 2 Erlijioa. Teologia.
- 3 Gizarte zientziak. Estatistika. Politika. Ekonomia. Merkataritza. Zuzenbidea. Gobernua. Gai militarrak. Gizartearen ongizatea. Aseguruak. Irakaskuntza. Folklorea.
- 4 (Hutsik)
- 5 Matematika. Natur zientziak. (Laguntza bereziak eta dibisio nagusia barne)
- 6 Zientzia aplikatuak. Medikuntza. Teknologia.
- 7 Arte ederrak. Jokoak. Ikuskizunak. Kirolak.
- 8 Hizkuntza. Hizkuntzalaritza. Literatura.
- 9 Geografia. Biografiak. Historia.
SHU eta DSS-ren ezberdintasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- SHU-a garatzen joan da eta hizkera latinoko herrialdeetan aplikatzen, DSS-a Ingelesa hitz egiten den herrialdeetan erabilia izan den bitartean.
- SHU-a DSS-a baino zailagoa da erabiltzen.
- SHU-ak jakinduria sailkatzeko erabilera zientifiko bat eskaintzen du, DSS-ak berriz dokumentuak sailkatzeko eta liburutegiak antolatzeko balio du.
- SHU-an maila bat hutsik gordetzen da (*4), etorkizunean ager daitezkeen beharrak asetzeko, DSS-an berriz digitu guztiak erabiltzen dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Agirreazaldegi Berriozabal, Teresa. (2006). Informaziorako dokumentazioaren oinarriak. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 84-8438-078-5. PMC 851002448. (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- SHU online bertsio laburtua